Historia

Elkargo honek, "Gipuzkoako Industriako Peritu eta Teknikarien Elkartea" sortu zenetik (1934ko urtarrilaren 28a) berrogeita hamar urte bete dituela eta, hainbat ekitaldi sozial programatu zituen eta ekitaldi horiek aurreikusita zeuden moduan garatu ziren.
Berrogeita hamar urte betetzea garrantzitsua zela kontuan hartuta, erabaki zen lanbidearen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egingo zigun lan bat egitea. Lana, Siadeco, S.C.I. enpresak eskainitako laguntza itzelarekin egin genuen, eta bere emaitza "Gipuzkoako Industriako Peritu eta Ingeniari Teknikoak Gipuzkoan (1850-2000)" izeneko liburua izan zen.

Lanarekin agerian utzi nahi izan dugu gure lankideek Gipuzkoako ekonomiaren eta industriaren garapenaren alde egindakoa, eta horretarako labur-labur azaldu dugu lanbide horren gaineko ikasketek historian zehar izan duten garapena eta eguneroko bizimoduan sartu diren arte egin duten bidea, ondoren azaltzeko –modu sakonean- Industriako Peritu eta Ingeniari Teknikoek Gipuzkoako ekonomiaren sektoreetan gaur egun okupatzen duten lekua, eta azkenik gure gizarteak 2000. urteari begira izango dituzten premiak aurreikusteko, bai eta urte horretan Industriako Ingeniaritza Teknikoko profesionalek beteko duten papera ere.

Egindako lanak Gipuzkoaren garapenaren alde egindakoaren lekuko gisa balio badu, eta, batez ere, gazteei beraien bokazioa definitzen laguntzeko balio badu, pozik egon gaitezke.

I.1 INDUSTRIAKO INGENIARITZA TEKNIKOKO IKASKETEN AURREKARI HISTORIKOAK

1824ko abuztuan, Arteen Errege Kontserbatorioa sortu zen Madrilen, eta hura izango zen gaur eguneko Industria Eskolen oinarria. Hantxe, Mekanika, Fisika, Kimika eta Delineazio ikasketak antolatu ziren, eta ikasketa horiek 1850eko irailaren 4ra arte emango ziren, denbora tarte horretan aldaketa txikiak izan zituztela; izan ere, data horretan, Merkataritza, Instrukzioa eta Herri Lanen Ministerioak, Manuel Seijas Lozano jauna ministroa zela, eman zuen Errege Dekretu baten bitartez, Industria Eskolak sortu eta ikasketak hiru mailatan banatu ziren:

  • Oinarrizko maila
  • Sakontze maila (Bartzelona, Sevilla eta Bergara) 
  • Goi maila (bakarrik Madrilen)

Hiru mailak guztiz ziklikoak ziren eta zuzenean igarotzen zen behe mailatik goi mailara.

Industria Eskolak sortzeko eman zen Errege Dekretu hartan ezartzen zenez, "sakontze mailako eskoletan" ari ziren eta 40. urteetan Industriako Mekanika ikasten ari ziren ikasleei ematen zitzaien titulua 2. mailako Ingeniari Mekanikoena zen.
Industria alorreko irakaskuntzen lehenengo berrantolaketa 1857ko irailaren 9an Instrukzio Publikoak emandako legearen bidez aldarrikatu zen. Berrantolaketa horretan perituen ikasketen bi adar aipatzen ziren: Mekanikoa eta Kimikoa.
1858ko abuztuaren 26ko ikasketa programaren arabera, Matematika, Fisika eta Kimikako elementuak, eta Industriako Mekanikako, Marrazketa Linealeko eta Frantseseko nozioak ikasi eta gai hauen guztien gaineko azterketa orokorra gaindituta zuten ikasleek eskuratuko zuten Peritu Mekanikoaren titulua.

1886ko azaroaren 5ean, Navarro jauna Sustapen Ministroa zela, beste zazpi eskola sortu ziren Errege Dekretu baten bidez, Garai hartako kronistek diotenez, eskola horiek ez ziren sortu industria gehien errotuta zegoeneko herrietan, politikarien mesede gehien zuten herrietan baizik.

Eskolak honako herrietan sortu ziren:Alcoy, Almeria, Bejar, Gijon, Logroño, Santiago eta Villanueva y Geltru.

1894ko abuztuaren 13an, ikasketak bi taldetan banatu ziren:Artistiko industriala, bata, eta tekniko industriala, bestea.

1895eko abuztuaren 20an, Peritu mekaniko-elektrikarien, Kimikoen eta Aparejadoreen ikasketak aldatzea erabaki zen, eta irakaskuntzak sei ikasturtetan banatu ziren, lehenengoentzat, eta bost ikasturtetan bigarrenentzat.

1900. urtean, Errege Dekretu batek Industriako Arte eta Lanbide Eskolak berrantolatu zituen.

1901ean, berriz, Romanoneseko Kondeak irakaskuntza guztiak erreformatu zituen eta hiru ziklo sortu zituen:

1. Langileentzako irakaskuntzak.

2. Industriako Praktiketako irakaskuntzak

3. Industriako Peritu izateko irakaskuntzak

Industriako Praktiketako irakaskuntzek hiru urte irauten zuten eta horietatik Industriako Perituen ikasketetara pasatzen zen. Azken hauek beste hiru urte irauten zuten.

Une horretatik aurrera erreforma etengabeak egin ziren irakaskuntza hauetan eta luze joko luke denak aipatzeak. Adibide moduan, jakin dekretu eta kontradekretu batzuek hamabost egun baino ez zutela iraun.

1907ko abuztuaren 6an, Errege Dekretu batek Industriako Arte eta Lanbide Eskolako ikasketak berrantolatu zituen eta ordura arte Peritu Mekanikoak zirenei izena aldatu Peritu mekaniko-elektrikarien izena eman zien.
Ingeniaritzako Karreraren 1907ko ikasketa planak honakoa ezartzen zuen bere 57. artikuluan:

"57. artikulua. Arte Eskola Ofizialetan edo Industriako Eskola Ofizialetan titulua eskuratu duten Mekanika, Kimika, Elektrizitatea eta Metalurgiako perituek, entsegugileek, aparejadoreek eta manufakturakoek Industriako Ingeniarien eskola nagusian sartzeko eskubidea izango dute azterketa egin beharrik izan gabe."

1915eko abenduan Industriako Arte eta Lanbide Eskoletako irakasleek Madrilen egin zuten batzarrean honako erabakiak hartu ziren, besteak beste:

Peritu ikasketak eskaintzen zituzten eskolen kopurua gutxitzeko eta behar besteko baliabideak jartzeko gelditzen diren eskolak ondo hornituta egon daitezen.

  • Irakasle postuak oposaketen bidez betetzeko epaimahaiak hutsik dagoen lanpostuari dagokion irakasgai bereko irakasleek osatuta egon daitezen.
  • Instrukzio Publikoko Kontseiluan Eskolak ordezkatuko duen kontseilari bat egoteko, eta kontseilari hori eskolen proposamenez izendatuta egon dadin.
  • Instrukzio Publikoko Ministerioaren barruan irakaskuntza hauen kontrolaz arduratuko den administrazioko langileak teknikoak izateko.
  • 1922an, Industriako Arte eta Lanbide Eskoletako irakasleek beste batzar bat egin zuten Bartzelonan, eta bertan Industriako Irakaskuntzen estatutuaren proiektua idatzi zen honako eskola hauetarako:
  • Aurreikasketen eskolak
  • Eskola Teknikoak eta Artistikoak langileentzat
  • Bigarren mailako eskola teknikoak
  • Industriako teknikarien eskolak
  • Lanbide Eskolak edo Industria Artistikoak
  • Industriako Ingeniarien Eskolak
  • Arkitekturako eskolak
  • Goi mailako arte eskolak

Lurralde nazionala distritu industrial handitan banatzea ere proposatu zen, distritu bakoitzean eskola politeknikoak ezarri beharko zirelarik.
Erreformak, ordea, ez zuen aurrera egin.

1924ko martxoaren 15ean emandako dekretu baten bidez, Industriako Eskolak Lan, Merkataritza eta Industria Ministerioaren menpe egotera pasatzea erabaki zen, ordura arte Instrukzio Publikoko Ministerioaren menpe egon baziren ere.

1924ko martxoaren 19an, batzorde bat eratu zen dekretuz, Irakaskuntza Teknikoa antolatzeko proiektua idatz zezan.
Hilabete batzuk pasa ondoren eta Batzordeak hainbat bilera eginda gero, ikusita batzordearen barruan adostasunik ez zegoela eta interes kontrajarriak defendatzen zituztenen artean aurkako jarrerak zeudela, 1924ko urriaren 31n Lan Ministerioko teknikariek Industriako Irakaskuntzen estatutua idatzi zuten.

Estatutu honek Irakaskuntza horiek antolatzen zituen hiru klasetan:

Langileentzako irakaskuntzak, Lan eskoletan egiten zirenak (ofizial eta langileentzat)

Irakaskuntza profesionala, Industria Eskoletan egiten zirenak (Perituentzat)

Irakaskuntza fakultatiboak, Ingeniarien Eskoletan egiten zirenak (industria ingeniarientzat)

Urtebete eskas igaro zen eta beste batzorde bat izendatu zen, zazpi kide bana zuten bost sekziok osatutakoa, ezarritako hiru mailatako Irakaskuntza Teknikoaren gaineko guztian iritzia emateko eta nagusiei jakinarazteko.

1925eko urriaren 6an, 24ko Estatutuaren aplikazioari buruzko behin-behineko araudia onartu zen.

1927ko urtarrilaren 20an Batzorde Iraunkorraren Antolamenduari eta Funtzionamenduari buruzko erregelamendu zabala argitaratu zen, batzordea 35 kidek osatuta zegoen eta.

Batzorde horrek, kide askoko batzordeei gertatu ohi zaien bezala, ez zuen eraginkortasunik izan.

1928ko urriaren 23ko Legegintzako Errege Dekretu baten bidez Lanbide Heziketaren Estatutu berria aldarrikatu zen, Ingeniarien laguntzaileak prestatzeko helburuaz, eta Perituek laguntzaile izaeraz zituzten ahalmenak alde batera utzi ziren.

Estatutu honek gutxi iraun zuen, 1928ko abendura arte hain zuzen ere, eta urte horretako abenduaren 21ean, Cesar Madariaga jauna zuzendari nagusia zela, beste Estatutu bat aldarrikatu zen.

Estatutu berrian Lanbide Orientaziorako Bulegoak eta Aurreikaskuntzarako Eskolak hartu ziren oinarritzat, eta Lan Eskolak eta Industria Eskolak eratu ziren, ofizial eta maisu langileen prestakuntzarako eta hainbat espezialitatetako Industria Laguntzaileak eta Laguntzaile Teknikoak prestatzeko, hurrenez hurren.

1930eko maiatzean Goi mailako Lan Eskoletako ikasleen kongresua egin zen eta Irakaskuntza hobetzera zuzendutako erabakiak hartu ziren bertan.

1931ko irailean Instrukzio Publiko eta Arte Ederren Ministerioaren menpe egotera pasatu ziren Laneko Oinarrizko eta Goi mailako eskolak.

1931ko urriaren 9an Batzorde Tekniko bat eratu zen Instrukzio Publikoko Ministerioaren Idazkariordetzaren menpe, Lanbide Irakaskuntzak berriro antolatu eta behar ziren erreformak egin zitzan.

1932an Irakaskuntza Profesional eta Teknikoaren Zuzendaritza Nagusiak batzorde hau desegin zuen. Besteak beste, Batzordeak honakoa erabaki zuen:

Bigarren Irakaskuntzako planak eta metodologiak berritzea eta berdin eskatzea unibertsitateko ikasketak egitea erabakitzen zutenei zein Ingeniaritzako eta Arkitektura ikasketak hautatzen zituztenei.

Tarteko ikasketak ezartzea Bigarren Irakaskuntzatik Goi mailako Irakaskuntza Teknikora pasatzeko. Ikasketa horiek hiru urte iraungo zuten.

Goi mailako irakaskuntza teknikoak aparte antolatzea.

Irakasleak aukeratzea Eskola Berezietan ikasketa teknikoak emateko.

Teknikari militarren taldeek espezialitateko teknika zibil osagarriak ikasiko zituzten.

Irakaskuntza Tekniko Osagarriak Ingeniarien Laguntzaileentzat. Irakaskuntza osagarri horiek Goi mailako Eskola teknikoen menpe egongo ziren.

Eskoletan sartzeko dirua emango zen.

Ikerketa alorreko ikasketen antolaketa.

1941eko martxoaren 31n Ministerioak eman zuen Agindu baten bitartez (apirilaren 6ko eta maiatzaren 26ko Estatuko Aldizkari Ofizialak) ikasketa plan bat ezarri zen Mekanika, Elektrizitatea eta Kimikako espezialitateetan industriako perituak prestatzeko.

1942ko uztailaren 22ko dekretuz, Industriako Perituen Eskolak berrantolatu ziren eta handik aurrera karrerak aurre prestaketarako bi ikasturte eta karrerako berezko hiru ikasturte (espezialitateko) izango zituen.

1948ko abuztuaren 16ko Ministerioaren Aginduak sarrera azterketak arautu eta Industriako Perituaren ikasketen aurre ikasketen lehen ikasturtean guztiontzat emango ziren irakasgaiak finkatu ziren; 1949ko abuztuaren 24ko aginduak, berriz, espezialitate guztietako bigarren ikasturtean emango ziren irakasgaiak adierazten zituen.

Ondoren, 1957ko uztailaren 20ko Legeak, Irakaskuntza Teknikoen antolamenduari buruzkoak, karrerak gutxiago irautea ekarri zuen eta, azkenik, Irakaskuntza Teknikoen Antolamenduari buruzko apirilaren 29ko 2/1964 Legeak, 1964ko maiatzaren 1eko BOEan argitaratu zenak, egindako espezialitate teknikoan ingeniari titulua eskuratuko zela ezarri zuen.

Luze joko luke urteetan zehar izan diren ikasketa planak banan-banan azaltzen hasiko bagina.Perez White irakasleak Karreraren ikasketa planen gaineko azterlan zabal bat kaleratu zuen 1985ean Salamancako Unibertsitateak argitaratuta.

1964. urtetik gaur arte hainbat ikasketa plan egon dira.Gaur egun Irakaskuntza Tekniko Ziklikoaren erronkaren aurrean gaude, eta honetan Unibertsitateko Ikasketen bigarren ziklora zuzenean sartzeko bidea eta formazio edukia bera uztartu beharko ditugu, gure irakaskuntzei eduki profesional praktikorik kendu gabe, hori izango baitzen gizarteari eskaini ahal izango zitzaion zerbitzurik kaxkarrena.

I.2. INDUSTRIA ALORREKO IRAKASKUNTZA GIPUZKOAN XVIII. ETA XIX. MENDEETAN

1º Langileentzako irakaskuntzak, Lan eskoletan egiten zirenak (ofizial eta langileentzat)

Azalpen honen hasieran esan dugunez, 1950eko Errege Dekretuaren bidez eratu ziren Industria Eskoletako bat Bergaran zegoen.

Lehenengo begi kolpean, pentsa genezake arraroa zela Bergaran egotea eta Bartzelonarekin eta Sevillarekin batera Bergara aukeratua izatea hirugarren eskola sortzeko, baina gure probintzia txikiak izan duen historiari erreparatzen badiogu berehala ikusiko dugu nola beti gipuzkoarrak arduratuta egon dira kultura eta ezagutzak hobetzearekin. 1545ean Oñatiko Unibertsitatea ireki zen eta irekita egon zen Godoy-k eta Espartertok 1807an itxi arte, behin betiko itxi, 1842an itxi bazen ere.

Ardura bera nabaritu zen Villafrancan 1763an egin ziren Biltzar Nagusietan Francisco Xabier Maria Munibe Idiakez azkoitiarrak. Peñafloridako Kondeak, "Sozietate Ekonomikoa edo Nekazaritza, Zientzia eta Arte Baliagarri eta Merkataritzako Akademia sortzeko Plan bat proposatu zuenean Gipuzkoako Probintzia txit noble eta leialaren ezaugarri eta ekonomi berezira moldatuta". Plana, hurrengo urtean onartu zen Biltzar Nagusiek Azkoitian egin zuten bilkuran.

Sozietate honen bazkide sortzaileak 1764ko gabon bezperan elkartu ziren lehenengo aldiz, Azkoitiko Insausti Jauregi etxean. Ondoren, eta bere estatutuetan aldaketa bat baino gehiago egin eta gero, 1770eko urriaren 14an emandako Agindu baten bitartez, Carlos III erregeak "Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen titulua eman zion. Elkarteak Euskal Herrian Zientzi, Arte Eder eta Arteen zaletasuna bultzatzea zuen helburu.

Kezka hau, Probintzian hasiberria zen errealitate industrialaren ondorio logikoa zen; izan ere, garai hartan jendea eta, batez ere ordura arte eta urte askoan burdina lantzen jardundakoak, gehiago jakiteko premia sentitzen hasi ziren, ikusita baso handiak zeudela ola zaharretan erabiltzen zen ikatz begetala egiteko behar zen egurra ateratzeko, bai eta erreka ugari ere burdinoletako gabiak martxan jartzeko behar zen energia emateko. Horien artean, Oiartzungo eta Irungo olagizonak ditugu, zeinei Alfonso XI.ak Burdinolen Forua eman baitzitzaien Burgosen 1328ko maiatzaren 15ean, eta Mendarokoak, zeinei beren aldeko zedula eman baitzitzaien 1335ean, Juan 1.ak Burgosen mila laurehun eta hamaseigarren urtean "Oiartzungo bizilagunei hainbat salbuespen onartu ondoren beraien burdinolengatik."

Eta Deba arroan hasi zen, hain zuzen, eskuzko su armen fabrikazioa Espainiarako, eta XV. mendean Errege Katolikoek onartu ere onartu zuten beren pragmatiken bitartez euskal armagintzaren garrantzia.

Errege Sozietatea sortu baino urte batzuk lehenago, Urumearen arroan Errege Armadarako aingura eta aingura txikien fabrikazioa zen jarduerarik nagusiena, eta horretan ari zela, Fermin Guilisasti Holandara abiatu eta han, industria espioitzan ibiltzeaz gain, produktu horiek fabrikatzeko teknikak bere egin eta Arrazubian zuen burdinolan sartu zituen, bertan erabiltzen zituen hainbat prozedura tekniko hobetzeko.

1750. urtean Hernaniko herriarekin idazpen bat izenpetu zen, "lau urtetan hogei mila kintal burdina hornitzeko aingura eta aingura txikitan Errege Armadarako"; Aingura eta aingura txiki horiek Ereñozuko, Fagollagako eta Pikoagako burdinoletan fabrikatuko ziren.

1752an gure probintzian 69 burdinola zizelkari eta ohiko zeuden."

1770. urtean gutxi gorabehera, Errenterian Euskal Herriko eta Espainiako lehen "fanderia" muntatu zen. Bertan karratutxoak edo sekzio txikiko profil errektangularrak fabrikatzen ziren, jantoi edo pletinak oinarritzat erabilita. Errenteriakoaren ondoren, Deban eta Oñatin ere instalatu ziren fanderiak. Azken hauek XVIII. mendearen azken laurdenean instalatu ziren.

Esperimentu industrial honetan bete-betean sarturik zegoela, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak berak sortutako erakunderik handiena sortu zuen: Real Seminario Patriotico Bascongado izenekoa. Izen hori hasieran jarri zioten, baina pixkanaka-pixkanaka izenaz aldatzen joan zen, azkenean "Bergarako Errege Mintegia" izena jarri zioten arte. Mintegi honen aurretik, "Behin-behineko Eskola" bat egon zen, hauxe ere haren menpe. Eskola hori 1776ko azaroaren 4an ireki zen.

1804ko uztailaren 23an emandako Errege Aginduaren bidez, Carlos IV.ak Mintegia bere babespean hartu zuen eta hura gobernatzeaz arduratuko zen. Horretarako, Estatuko Ministerioaren menpeko erakunde bihurtu zuen.

Hasiera-hasieratik, Mintegian Fisika esperimentala, Kimika eta mineralogia, Gizarte gaiak, Matematikak, Marrazketa, Diseinua, Estatistika, Latina, Frantsesa, Ingelesa eta Italiera ematen ziren, besteak beste.

Bertan irakasle ospetsuak eta balio handikoak egon ziren eskolak ematen, hala nola Francisco Chavanoux eta Jose Luis Proust kimikaria.

Mintegiko laborategietan, 1876an, Fausto Elhuyar Subizak eta bere anaia Juan Josek bi esperimentu garrantzitsu egin zituzten. Alde batetik "Woframa", urdin ilun koloreko eta kentzen zaila zen zikinkeria, isolatzea lortu zuten gaur egun Agorrosineko futbol zelaia dagoen aldean zegoen kare ustiategiaren azpian zegoen burdinaren Wolframioa (wolframioko pentoxiodoa, egia esan) bereizi ondoren. Eta bestetik, hori metal berria zela konturatu ziren, eta aurkitu zuten mineralaren izen bera emango zioten, nahiz eta gaur egun nazioartean tungsteno izena ere eduki.

Laguntzak ere ematen ziren garai hartan egiten hasi ziren ikerketa lanetarako, eta horren ildotik, Elkartearen Batzar Orokorrak Gasteizen 1766an egin zuen bileran erabaki zen mila errealeko sari bat ematea kalkulu matematikoen bidez ordura arte burdinoletan ezagutzen ziren hiru sutegi-hauspo motetatik zein zen hoberena eta bostehun errealeko beste sari bat garia jotzeko modurik merkeena eta ekonomikoena asmatzen zuenarentzat.
Elkarteak, Bergarako Mintegiaz gain, beste ikastetxe batzuk ere sortu eta bultzatu zituen, hala nola Tolosako, Gasteizko eta Bilboko Marrazketa Eskolak.

Tolosan, eskola irekitzeko tramiteak 1806ko abenduaren 5ean hasi ziren baina, eskola ireki, 1807ko azaroaren 8an ireki zen. Eskola horretan, ikasleek "irudiaren eta apaingarriaren marrazketa, Aritmetika komuna, Hamartarren aritmetika, eta Geometria Praktikoa ikasiko zuten", baina 1853an irakasgai gehiago sartzea erabaki zuten.

Mintegi honetan ematen ziren irakasgaiak, dudarik gabe, urte haietan izaera teknikoko irakasgaiak zirela esan dezakegu, eta horregatik Mintegiaren orientazioa garbia zen, orduan erabiltzen ziren tresnak aztertzera bideratutako ikasketak zirelako, eta mintegiko ikasleek ezagutza handiak lortzen zituzten gaur egun Ingeniaritza izenaz ezagutzen dugun alorrean.

Ezer berezirik ez du, beraz, Mintegiari emandako izenetako bat, lehen esan dugun bezala, "Errege Mintegi Zientifiko Industriala" izateak. Izen hori, 1851ko martxoaren 24ko Errege Dekretu baten bidez eman zitzaion Mintegiari, hain zuzen ere Carlos Uriarte zumaiarra, 1846an Arkitekturako diplomaduna izan ondoren Matematikako Katedraduna izatera heldu zena, Mintegiaren zuzendaria zenean.

Une horretatik aurrera hasiko zen Gipuzkoa bere lehen ingeniari tituludunak izaten. Oraingoz, ez dakigu zeintzuk izan ziren tituludun horiek eta zertan aritu izan ziren.

Kontua da Gipuzkoako industriak garatzen jarraitzen zuela eta garapen horretan, logikoa denez, Bergarako Ikastetxetik Gasteizko apezpikuari laga arte martxan egon zen hogeita hamar urtetan ateratako ingeniariek eragina izango zutela.

Begi bistakoa da Bergara garrantzi handiko kultur gunea izan zela eta horrek izugarrizko eragina izan zuela Industria alorreko Eskolak non sortu eta kokatu erabaki behar izan zenean; izan ere, Errege Mintegian bere garaian eman ziren irakaskuntzak lehenengo Bigarren Mailako Ingeniari Mekanikoak eman zituzten Eskola hauetan gero emango ziren ikasketen aurrerapena baino ez ziren izan.